viernes, 27 de marzo de 2026

AD Mallabia FTn ere, euskaraz bagara!

Aste hau Korrika astea da. Korrika Mallabira dator. AD Mallabia FTek ere ekitaldi berezi honetan parte hartuko du, ekintza desberdinekin Korrikaren euskararen babeserako mezua zabalduz eta gure hizkuntzaren erabilera bultzatuz. Gainera, larunbatean, une berezia biziko dugu eta lekukoa eramango dugu gure kilometroan. Gure lehendakaria, Laura Fernandes, eta gure jokalaria, Irene, izango dira lekukoaren eramaileak. 3178 kilometroan izango da, Mallabitik Areitorako bidean, hilerriko aldapan. Igarotze ordua 22:45ak aldera izango da.

Esan bezela, gure taldetik hainbat ekintza burutuko dira Korrikaren inguruan. Lekukoa eramateaz ez ezik, Superigande berezia antolatu da asteburu honetarako. Goizean, Mallabiko Learreta-Markina eskolako frontoian bilduko gara kirola praktikatzeko. Bertan, Korrika gai berezia izanik, atletismoko hainbat disziplina izango ditugu: oztopo-lasterteketak, pisu-jaurtiketa eta jabalina-jaurtiketa. Hau dena giro euskaldun eta korrikako abesti eta pankarteekin alaituta. Bazkaldu ondoren, Kontzejuzarrean 16:00ean batuko gara “Super Elfkinak” pelikula ikusteko eta euskal mahai-jolasetara jolasteko.


Korrikaren inguruan antolatutako jardueren artean aurreko martxoak 21eko Fronteniseko Txapelketa Mistoa kokatu daiteke ere. Bertan, Korrikaren berri eta promozioa egin zen. Txapelketan, Maialen Bilbao eta Javier Toribio izan ziren garaileak. Tokiko eta eskualdeko mailan, garaipena Abadiñoko Leire Dueñas eta Endika Romerorentzat izan zen.


Ekintza hauen bidez, klubak berretsi egiten du euskara bere jardueren eta ohikotasunaren komunikazio-hizkuntza izateko konpromisoa.







No hay comentarios: